Aurkibidea

Saiatuko gara hainbat testu tipo lantzen, ez iritzi-artikulua eta azalpen testua bakarrik. Esate baterako, literatura testuekin batera, honako testu hauek aztertuko ditugu: argudiatze testuak, txostenak, SMSak edo Telegram mezuak, posta-e mezuak, zinema-gidoiak, eskabide-orriak, inprimakiak, aurkezpen gutunak, curriculum vitaeak, lan eskaerak, administrazioko gutun formalak, jarraibide edo argibide testuak, liburu edo film baten kritikak, publizitate-mezuak, kronikak...


Izenburua

Testu-Tipo

Noiz

Ekarpenak Nortzuk

Info. Iturriak

Ereduak Non

Non Argitaratua



1
Gazteak eta konpromisoa
Gutuna (lagunartekoa)
2016 irailean






1
Gazteak eta konpromisoa
Iritzi-artikulua
2016 irailean



Zuzeu.com (argitaraturiko iritzi artikulu bati nire iritziarekin iruzkina egin diot)


2

Azalpen testua
2016 irailean


Wikipedia
eu.wikipedia.org


3
Film baten azpitituluen euskaraketa, itzulpena
Azpitituluak (film, jatorrizko bertsioaren azpitutuluen euskaraketa)




external image arrow-10x10.png+
http://azpitituluak.com/osoak



Ikasle bikaina izateko dekalogoa
Dekalogoa




Nire blog Blog



Graffiti

Argudio testua





Blog



figura erretoriko batzuk
Azalpen testua
Urria



Blog




Laburpena eta iritzi testua










Film bati buruzko laburpena eta iritzia (kritika)









Inside out

Filmaren fitxa





Wikipedian




Iritzi-artikulua




ZuZeu.eus blogean argitaraturiko iritzi artikuluari buruzko iruzkina.




Liburu bati buruzko laburpena eta iritzia (kritika)








Hitzak eta iruzkinak

Abestia










Film - Laburpena










Azalpen Testua





youtube



Matxismoa eta feminismoa

Iritzi testua










Liburu baten sinopsia eta iritzia




external image arrow-10x10.png



Bidaia baten kronika
Kronika









Azalpen testua









istorioa, narrazio laburra









Iritzi Testua





Sustatu.com (argitaraturiko testu bati iruzkina)




Bideo bat +azalpena





youtube




azalpen dokumentala





Youtube.com (argitaraturiko abesti baten azpian abestiaren hitzak kopiatu ditut iruzkinen artean)




azalpen testua



















11 mezu labur Twitterrenexternal image arrow-10x10.png
11 mezu labur, 11 txio edo tuit ( >140 karaktere)



#literotua

Twitter




Esaldi esanguratsuak





Tatoeba.org




figura erretoriko batzuk
Azalpen testua









Ikasturte amaierako kronika









Eratostenes, Lurraren perimetroa eta radioa kalkulatu



















Guztira:

9 testu mota

40.000 karaktere koaderno honetan


30.000 karaktere gune publikoetan ARGITARATUAK






















GUTUNA


Aupa Itxaso!


Denbora luzea pasatu da azken aldiz elkarrekin egon ginenetik eta benetan diotsut faltan botatzen dudala momenturen batean zurekin hitz egitea. Beraz, gutun baten bidez zure hitzak paper batean irakurtzeko aukera izango dut gutxienez, gutun honi erantzuten badiozu, noski. Kontua da ez nabilela etxetik kanpo opor lasai batzuetaz gozatzeko asmoz, ez, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean parte hartzeko etorri naiz Afrikara.

Zerbait egin nahi nuen, nik neuk, nire laguntza txikitxoa eman. Nire laguntza oso apala da, bai, baina badakit eman dezakedan guztia ematen ari naizela. Hemen txarto pasatzen ari direnei laguntzen ari natzaie, beraiek ez dutelako gu bizi garen moduan bizitzeko aukerarik. Mundua oso desorekatuta dago eta nik laguntza eman nezakeela jakinda, ezin izan nion aukera horri ezetz esan.

Orain harro sentitzen naiz nire buruaz, Itxaso, eta badakit zuri gauza bera gertatuko litzaizukeela hemen egongo bazina nirekin, laguntza behar duten jende guzti honekin batez ere. Ez zaitut hau egitera behartu nahi, esperientzia gogorra dela onartzen dudalako. Dena den, denborak aurrera egin ahala hemen garrantzitsuena zer den ikasiko duzu, hori egiten delako hemen laguntzeaz gain: ikasi.

Pentsa ezazu lasai, eta bihotzak eskatzen dizuna egin. Hori behar dute txarto pasatzen ari direnek, haien ondoan, bihotz onekoa den norbait. Hori zu zeu izan zaitezke. Hemen edukiko nauzu, zure erantzunaren zain eta zuk, hala nahi baduzu, zure zain.

Beste barik, agur bero bat:

Alaitz




AMETSEN INTERPRETAZIOA


Ametsen interpretazioa ametsetan agertzen diren ezaugarri, egoera eta irudiei esanahia ematearen artea eta teknika da.

Ametsek bizitzako esperientzia, beldurren edo sentimenduen bateratzaile moduan jokatzen dute. Amestutako guztia nola edo hala gizakien buruan dago jada, eta gauez ahalik eta modu arraroenean adierazten da. Horrez gain, denborak aurrera egin ahala jendeak amets konkretu batzuek haien esanahia dutelarekin bat egin du, gizakien bizitzako egoera edo alderdi batzuen sinbolo moduan jokatuz. Hona hemen ohikoenak diren amets horiek eta haien esanahiak:

  • Pertsona maitatuen edo hurbilen heriotza.

Senide, lagun edo antzekoren baten heriotza agertzen den ametsa. Esanahia ezberdina izan daiteke amesten ari denak mina sentitzen badu edo ez. Mina ez sentitzekotan ez da zertan gogortasunarekin lotu behar, daukagun edozein nahirekin baizik. Bestalde, mina sentitzen bada, ametsean bertan agertzen dena adierazi nahi du, hau da, pertsona hori desagertzearen (hiltzearen) nahia, baina desira horiek ez dira gaur egungoak izaten, haurtzarokoak baizik. Adibidez, neba-arreben arteko lehiak eta zeloek eragin dezakete, muturreraino eramanda.

  • Ikasketekin zerikusia duen azterketa edo proba garrantzitsua.

Gehienetan amets hau ez da azterketa horren aurretik edukitzen, ondoren baizik. Larritasunez proba hori errepikatzearen beharra edo txarto egiteagatik kurtsoa errepikatzearen beharra ageri da ametsean. Orokorrean amets hau hurrengo egunean garrantzitsua den zerbait esan behar denean edukitzen da, porrot egitearen beldurrez.

  • Bidaia garrantzitsu baterako garraiobidea galtzea

Amets honek heriotzak eragiten duen larritasuna adierazi nahi du. Garraiobidearen irteerak hiltzea adierazi nahi du, eta hau galtzeak, berriz, heriotzarengandik urruntzea. Amets honek lasaitasuna transmititzen du.

  • Uretan edo airean mugimendua (igeri egin, hegan egin...).

Amets honen iturria haurtzaroko oroitzapena da, mugimendu hori nolabait egoeraren batean adierazita egon denean. Gehienetan mugimendu hori eszitazio sexualarekin lotuta egoten da. Bestalde, hegan egiteak besteen gainetik egotearen edo askatasunaren nahia adieraz dezake. Igeri egiteak, berriz, zerbaitetan sakontzea ere adieraz dezake.

  • Leku estuetatik ibiltzeko zailtasuna.

Gehienetan amets honek jaiotzaren fantasiekin zerikusia edukitzen du, leku estuekin amaren uteroa adieraziz. Amets hau beldurrekin ere lotuta egon daiteke, edo heriotzaren osteko bizitzan sinistearekin ere.

  • Jausia.

Ia beti larritasuna adierazten duen ametsa izaten da, eta beste kasu askotan "jausteak" "entregatzearen" esanahi sexuala izan ohi du, zehazki amesten ari dena emakumea bada. Bestalde, zaindua izatearen nahia ere adieraz dezake, gurasoek haien semea edo alaba jaustekotan zaintzen duten moduan.


Resultado de imagen de interpretacion de los sueños
Resultado de imagen de interpretacion de los sueños



Amets artikuluan, gaztelaniazko Sueño artikuluan bezala, zure testu hau, pixka bat hobetu eta gero, txerta dezakezu <gorkaazk>





IRITZI-ARTIKULUA

JELOSKORTASUN EZ DA MAITASUN



Maiteminduta egotea ederra da, baina pertsona bat zure ondoan edukitzeko nahiak gaitzak ere sor ditzake, bat bereziki: zeloak.

Gaur egun, bikote harremanekin hasteko grinaren ondorioz, gazteek batez ere, badaukate neska edo mutil perfektuaren ereduaren ideia buruan. Ezaugarri fisiko zein pertsonal konkretu batzuk nahiago izaten dituzte beste batzuen gainetik, horiek direlako gustukoen dituztenak. Batzuetan, ezaugarri pertsonal horien artean zeloak gauza on moduan kokatzen dituzte. Jeloskortasun hori benetan maitasunarekin lotzeko modukoa da?

Esan beharra dago hainbat alditan bikotekidearekiko gehiegizko lotura sortzeko ohitura dagoela. Bikotekidea edukitzekotan, nahiko ohikoa da norberak inguruko lagun maitatuekin portaera aldatzea, bikotekidearenganako ustezko begirunea zaintzeko. Egia da harremanarekin hasi aurretik egiten ziren gauza batzuk jada ezin izango direla arazorik gabe onartu, erakartzen zaituen edonorekin ligatzea, adibidez. Horrek ez du esan nahi bikotekideari baino ezin zaiola arreta eskaini, hots, lagunekin igarotzen den denbora guztiz murriztu behar denik. Beti dago bereziki maite dugun lagunen bat, harreman estua mantentzeko modukoa, eta bikotekidea edukitzeak ez du esan nahi lagun berezi horrekin daukagun harremana aldatu behar dugunik. Maitasuna benetakoa bada, lagun horrekin daukagun harremana onartuz erakutsiko du, eta ez jeloskortasun keinuak erakutsiz, hori ez litzatekeelako harreman osasuntsua izango.

Maitasuna elkarrekiko errespetua ere bada, batak bestea den moduan maitatzea eta bere inguruarekiko duen portaera onartzea, aldaketarik eskatu gabe. Horrek ez du zertan harremana erabat askea izatera bideratu behar, inolako loturarik gabekoa eta beste pertsona batzuekin edozein modutako sexu harremanak edukitzea onartzen duena, gauzak ez baitira beti beltzak edo zuriak, grisak ere badaude eta. Harreman hauek elkarren mendekoak dira: bakoitzak bere bizitza pertsonalez gozatzeko eta biek batera bikote bizitzaz gozatzeko aukera ematen dutenak. Zoritxarrez, gaur egungo gizartean gehien ematen diren bikote harremanak menpekoak dira, hasieran aipatutakoak.

Gure esku dago zeloak noiz baztertu erabakitzea, noizbait beti sentituko ditugulako eta hori saihestezina delako, baina ez ditugu zertan muturreraino eraman behar. Maitasuna erakusteko hamaika modu daude, eta sinets iezadazue, zeloak baino askoz ederragoak dira.
external image 640px-Art_and_artists_of_our_time_%281888%29_%2814576975119%29.jpg
Irudian Otelo Desdemona hiltzera doa, jelosiak jota. (Irudia: Cook, Clarence, 1828-1900 Wikimedia Commons)


FILOSOFIA: ARGUDIO TESTUA

NI EZ NAIZ PATUAREN TXOTXONGILOA


Determinismo kosmologikoa patuaren esklaboak garela defendatzen duen determinismo mota da. Patuak beti arrazoi batekin jokatzen duela eta ez garela etorkizunaz larritu behar dio, guztia idatzita omen baitago. Determinismo kosmologikoa garbien defendatu zuen eskola filosofikoa ESTOA da, k.a. 300.urtean gutxi gora behera.

Estoizismoan dena dago determinatuta munduan. Askatasuna egotekotan, patu hori onartzea izango litzateke, ez erabakimen librea. Gertatzen den oro, beraz, gertatu behar dena da. Plazerra edo mina ilusio hutsak dira, ignorantziaren emaitza, ezagutzaren bidez desagertzen direnak. Estoikoentzat, jakinduria, bertutea eta zoriontasuna Apatheia-n datza (= no padecimiento), patua asaldapenik gabe onartzean.

Baieztapen hauek ez dute esan nahi hori egia denik, ideologia hutsak baitira, baina ezta gezurra denik ere, ezin dugulako frogatu. Bakoitza askea da patuarengan sinisteko edo ez, noski, baina nik bakoitza bere bizitzako erabakiak libreki hartzeko askea dela ere uste dut. Zergatik sinetsi patuarengan, nork bere buruarengan sinisteko aukera edukita?

Patua ez da idazlea, ez dago dena idatzita, geuk idazten dugu dena hartutako erabaki guztiekin eta bizitako esperientzia guztiekin. Liburu bateko istorioarekin parekatuta, badago aukeran bai kanpoko hirugarren pertsonako narratzailea bai lehenengo pertsonako narratzaile protagonista. Biek ederki konta dezakete istorioa, baina zein kasutan sentituko ginateke istorioaren guztiz barrenean? Protagonistak lehenengo pertsonan askoz hobeto kontatuko luke istorioa, baina zergatik? bere istorioa delako eta bera ari delako bizitzen, horretxegatik.

Bestalde, determinismo kosmologikoak dioenez berdin da guk zer egin, nola edo hala patuak aukeratutakoa gertatuko delako etorkizunean. Nik, berriz, hau diot: Iragana joan da. Etorkizuna etorriko da. Oraina da daukagun bakarra, ez dago beste ezer. Orainean hartuko ditugu guk geuk erabakiak, eta alferrik da beste erabakiren bat hartu egin izan bagenu zer gertatuko litzatekeen pentsatzea, ez dugulako beste erabaki hau hartu. Egina egina dago, eta gu gara egileak.

Polita dirudi bikote bati patuak elkartu dituztela esaten entzutea, adibidez, hain baitaude maiteminduta. Bikote horrek hori pentsatu nahi badu pentsa dezala. Nik biek momentu hartan elkar ezagutu zutelako elkartu zirela esaten jarraituko dut, haiek egindakoaren ondorioz ezagutu baitzuten elkar. Patua izeneko indar delako horrek ez ditu txotxongilo bezala elkartu, baina haiek pentsa dezatela nahi dutena. Nik sokaz lotuta ez nagoela pentsatzea nahiago dut.

Maya artea. Gizaki bat soka bat bularrean lotuta dabilela. Irudiaren jatorria: Walters Art Museum [Public domain, CC BY-SA 3.0 (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0) undefined GFDL (http://www.gnu.org/copyleft/fdl.html)], undefined
Maya artea. Gizaki bat soka bat bularrean lotuta dabilela. Irudiaren jatorria: Walters Art Museum [Public domain, CC BY-SA 3.0 (http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0) undefined GFDL (http://www.gnu.org/copyleft/fdl.html)], undefined


Alaitz Urrutia 54D

Zorionak, Alaitz, zure estilo txukunagatik, eta hain arin egiteagatik ere! Hala ere, edukiari begira, gauza bat esan behar dizut: determinismo kosmologikoa soilik hartu duzunez gaitzat, eduki filosofiko eskasa geratu zaizu, klasean datu gutxiegi eman genuelako determinismo mota horri buruz. Klasean esan bezala, argudio testuaren gaia "Libreak ote gara" da, bertan, determinismo motak zein indeterminismoaren frogak ere sar zitezkeelarik. Beraz, zure testuarekin aurrera jo nahi baduzu, hurrengo 2 gomendio ematen dizut:
  1. Sar ezazu hurrengo informazioa:

Determinismo kosmologikoa garbien defendatu zuen Eskola filosofikoa ESTOA da, K.A.300 inguru.




Estoizismoan, dena dago determinatuta munduan. Askatasuna egotekotan, destino hori onartzea litzateke, ez erabakimen librea. Gertatzen den oro, beraz, gertatu behar dena da. Plazera edo mina ilusio hutsak dira, ignorantziaren emaitza, ezagutzaren bidez desagertzen direnak. Estoikoentzat, jakituria, bertutea eta zoriontasuna Apatheia-n datza (= no padecimiento), patua asaldapenik gabe onartzean.

2.- Era ezazu askatasunaren aldeko argudio bat klasean emandako informaziotik abiatuta

Leonor

2017ko urtarrilaren 3a: Estoizismoari buruzko informazioa sartzeko esan nizunean, ez nizun esan kopiatu eta itsasteko: Bestalde, askatasunaren aldeko argudiorik oraindik ez duzu gaineratu


Leonor



DESAMODIO GUTUNA



Erandion, 2017ko urtarrilaren 25ean.

Aupa, “laguna”:


Inoiz ez zait burutik pasatu zuri gutun bat idaztea, inoiz ez dugulako hitz egin, baina gauzak argitzeko ordua dela uste dut, betidanik nire ondoan egon zarelako, eta jada zugandik aldentzen joan nahi dudalako apurka-apurka.


Txikitatik egon gara batera, beti eraman zaitut nirekin. Ez nituen ezta bost urte ere parkean txirristatik behera jaitsi nahi nuenean, eta nahi izan arren, ausartzen ez nintzenean, zu zeundelako hor. Egoera haietan, babesten ninduzula uste zenuen, txirrista altuegi zegoelako, eta orduan, gogor eusten ninduzun bertatik jaits ez nendin. Zure indarra boteretsua zen arren, azkenean nigandik askatzen zintudan, eta txirristan behera joaten nintzen. Eta, badakizu zer? Itzela zen zu alde batera uztearen sentsazio hori, ederto sentitzen nintzelako txirristan behera. Ondoren, berriro igotzen nituen eskailerak, sentsazio hura errepikatu nahi nuelako, baina zu jada ez zeunden han hori saihesteko, zugandik aldendu nintzelako behingoz.


Nire bizitza osoan zehar, bai egoera txiki haietan, bai erabaki garrantzitsuetan, nirekin egon zara, zure “babes” hura ematen. Hori ez da babesa, ene laguna, hori kartzelan sartzea da, eta nik gogotsu bizi nahi nituen esperientzien eragozpen bakarra zu izan zara beti. Horregatik, uste dut niretzat onena pixkanaka zugandik aldentzea izango dela, bion artean distantzia mantendu nahi dudalako, erraza izango ez den arren.

Beraz, ez ezazu hau zailagoa egin, mesedez. Ziur nago ez duzula etsiko, etorkizunean ere nire ondoan edukiko zaitudalako hainbat egoeratan, baina gutxienez argi eduki ezazu nik harreman hau moztu nahi dudala.

Egia da batzuetan zuhurra izaten asko laguntzen didazula, baina zure babes hark dituen gaitzak oparoagoak dira alde onak baino, eta horregatik gehienetan ez didazu batere laguntzen.


Hori esanda, argi izan nigandik ahalik eta urrunen nahi zaitudala, niretzat gauzak errazagoak izan daitezen. Ez dakit agur hau betiko izango den edo ez, eta tamalez galdera horren erantzuna ezezkoa izango den uste dudan arren, jakin ezazu nik espero dudana baiezkoa izatea dela. Agur behingoz laguna, agur behingoz beldurra.


Sinatua: Alaitz.




AZKEN FANDANGOA BUENOS AIRESEN


Ipuin hau lehenengo pertsonan kontatuta dago, hau da, narratzailea protagonista da, Ander izeneko euskal idazlea. Bere ikuspuntutik baino ez dago kontatuta ipuina, beraz kontatzailea subjektiboa da.

Anderrek idatzitako lanari buruz ari zen iritzia ematen Katxalyn delako bat bere blogean, eta ez oso iritzi ona. Anderrek ez zekien zelakoa zen Katxalyn hura fisikoki, ezta emakumea zen ere, baina literatura dela eta lehen aldiz elkartu zirenean kriston neska gaztea zela jakin zuen. Horrek eta bere lana kritikatzen zuela jakiteak erakarri egin zuen.

Beste behin ere, literatura dela eta, elkartu ziren. Oraingoan Buenos Airesera joateko asmoz, beste idazle talde batekin. Han zeudela, Ander askotan saiatu zen Katxalynekin egoten, eta neska ere jolasten hasi zen konturatu zelako Ander erakartzen zuela. Ez zegoen oker, Ander pare bat aldiz masturbatu baitzen Katxalynen gorputza gogoan zuela. Anderrek neska hura baino ez zuen buruan eta beste idazleekin irteeretara joan beharrean bere gelan geratzen zen lur jota. Hain zegoen Katxalynengan zentratuta, non bere emaztea erabat ahaztuta izan zuen, berarekin edozein telefono-dei ekiditen, saihesten, saiatzen baitzen.

Buenos Airesen igaroko zuten azken gauean idazle guztiak elkartu egin ziren hitzaldi areto edo antzeko batean. Bertan Anderrek azkar baina gogotsu idatzi zuen istorioa ozenki irakurri zuen, Katxalyn adi egoteko nahian. Haien bien arteko harremanean oinarrituta zegoen irakurtzen ari zena.

Istorio horretako pertsonaia nagusiak Rafa, esperientziadun idazlea, eta Maddalen, idazle gazte eta hasi berria, ziren. Haien arteko abentura kontatu egiten zuen, bakoitzak bestearekin oheratzeko grina sentitzen zuelarik. Azkenean elkartu zirenean, Rafak Maddalen biluztutakoan, ez zion aluan ile bat ere ez ikusi eta horrek geldiarazi egin zuen, konturatu zelako ez zuela hain neska gaztearekin oheratu nahi, alu iletsuak gustuko zituelako.

Katxalynek guztiz harrapatu egin zuen mezua, eta biak Euskal Herrira bueltatzean, argi geratu zen Katxalynek bazekiela zer zen nahi zuena. Anderren emazteak dibortzioa eskatu ondoren, Anderri gutun bat heldu zitzaion, Katxalynena. Bertan aluko ile batzuk zeuden, mezu honekin batera: "Gizon nagusiak gustatuko balitzaizkit, zure bila joango nintzateke."




GREASE PELIKULAREN KRITIKA


Grease 1978an estreinatutako musikal estatubatuarra da, Randal Kleiser zuzendariak zuzendua. 50 eta 60ko hamarkadetan oinarrituta dago, eta estreinatu bezain laster mundu osoan arrakasta itzela izan zuen, haren abestiekin batera. Filmea bera eta haren abestiak gaur egun ere mundo osoan ezagunak dira.

Hainbat aktorek eta aktoresek hartu zuten parte pelikula hontan, baina hauek dira protagonista nagusiak:
John Travolta, (Dannyren paperean), Olivia Newton John (Sandyren paperean), Stockard Chanwing (Rizzoren paperean) eta Jeff Conaway (Kenickieren paperean).

Argumentua:
1959ko udan Amerikako Estatu Batuetan Danny eta Sandy izeneko bi gaztek elkar ezagutu dute eta amodiozko harremana mantendu dute. Dena zoragarria da, baina tamalez uda amaiera heldu da eta elkarrengandik banandu egin beharko dira, Sandy bere herrialdera bueltatu behar baita, Australiara. Ikasturtea hasitakoan, bien ezustez, Rydell institutuan elkartzen dira berriz ere, Sandyren familiak planak aldatu dituela eta. Baina poztasuna azkar desagertu egiten da, Dannyren lagunak inguruan daudenez, mutilak erabat aldatu baitu bere izaera, eta Sandy mespretxuz tratatu egiten du bere benetako sentimenduak ezkutatuz. Neska-mutilen lagun taldeko harremanek, egoera ezberdinekiko abestiek eta, batez ere, Danny eta Sandyren maitasun istorioaren gora-beherek pelikula baikorra, amodio, adiskidetasun eta musikaz betea eta dibertigarria osatzen dute.

Niri neuri asko gustatzen zaidan pelikula bat da, edonori gomendatuko niokeena, batez ere amodiozko pelikulak gustuko baditu. Pertsonaia ugari ditu eta bakoitzak bere berezitasuna du, naturaltasunari uko egin gabe. Egia da pelikula nahiko zaharra dela egungoekin konparatuta, baina 50 eta 60ko hamarkadetako ezaugarri amerikar haiek pelikulari ukitu interesgarria ematen diote. Nik txikitatik izan ditut ezagunak filma eta abesti sorta hau, eta ikusi nuen lehenengo aldian gustatu zitzaidan oso sentsazio atseginak transmititu zizkidalako. Zinemako klasiko bihurtu bada, zeozer **zer edo zer**
daukalako izango da, eta nik badakit ez naizela film honetaz nekatuko hamaika aldiz ikusi dudan arren.

Resultado de imagen de grease
Resultado de imagen de grease






JON MIRANDE


Jon Mirande 1925 azaroaren 20an jaio zen, Parisen, eta 47 urterekin 1972ko abenduaren 28an bere buruaz beste egin zuen. Jon Mirande guraso zuberotarren semea izan zen, Parisera lan bila joanak. 1944.urtean batxilergoa amaitu ostean Frantziako Finantza Ministerioan hasi zen itzultzaile gisa.


Mirande heterodoxoa zen, horrek esan nahi du orduko kulturaren kontra zegoela eta ideia hau defendatzen zuela: inork edo ezerk ezin zuen gizakion askatasuna mugatu edo kendu. Horregatik kristiautasunaren kontrako lan batzuk egin zituzten.


Garai hartan pentsaera hori oso txarto ikusita zegoen, erlijio kristauak eragin handia baitzuen, hau da, jainkoa zegoen edonoren gainetik eta berak erabakiko zuen dena. Esaterako, ezkondu arte ezin duzula sexu harremanik eduki, eta edukitakoan seme-alabak edukitzeko baino ez zela izango, noiz hilko zaren… Mirande horren guztiaren kontra zegoen, eta norberaren askatasunaren alde, horregatik euskaldunoi ideologia konkretu bat ezartzen digun edozein alderdi politikoren kontra ere bazegoen (EAJ, abertzaletasuna…).


Mirandek hainbat lan egin zituen, bai poesian eta bai prosan, denak zubereran idatziak. Haren obra gehienak hil ostean argitaratuak izan ziren. Prosan idatzitako lanari bagagozkio, haren eleberri bakarrari erreparatuko diogu: Haur besoetakoa, 1954.urtean idatzia, baina 1970. urtera arte ez zen argitaratu. Eleberri honek gizon baten eta haren ilobaren arteko maitasun istorio bat kontatzen digu, garai hartako gai onartezinak aipatuz: pedofilia, adin txikiekiko sexu harremanak eta suizidioa. Hori dela eta ez zen 1970. urtera arte argitaratu. Beste lan bat ere nabarmentzeko modukoa da, Gauaz parke batean, ipuinez osaturiko narrazioa, non lehen aldiz umore beltza erabili zen euskal literaturan.


Aipatutako lanez gain, poesiak ere idatzi zituen, hala nola, Ohiko jainkoari, 1950.urtean idatzia, eta 1992.urtean argitaratua, hots, hil ondoren. Lan honetan jainkoarekiko gorrotoa eta errefusa adierazten du. Gainerako poesietan ere bere pentsaerak transmititzen ditu, lesbianismoa, abertzaletasuna, heriotza eta antzerako gaiak ukituz. Horren ondorioz, Mirande zein bere obra kritikatuak izan ziren. Hona hemen haren beste poesia-lan batzuk: Orhoituz (1976), Poemak 1950-1966 (1984) Ilhun argiak (1992) etab.


Azkenik, Miranderen Ohiko Jainkoari poesiaren bi estrofa txertatu ditut, idazlearen idazteko era eta hizkuntza, zuberera, ikus dadin:

Josu bar-Joseph, badut othoi egin gauerdiz,

Argizagia begi makhur so zan etoi

Eta zuk aldiz utzi nauzu... Zergatik arren?

Zergatik arren, on hotsezko Jainko Josu?

Josu bar-Joseph, badut burhau 'in zuri aitzi:

Biotzean osk bainituen zazpi ziraun

Zeure munduon soilik nago — edozein zakhur

Zoriontsuago bizi da ni bainoago.


Resultado de imagen de jon mirande
Resultado de imagen de jon mirande




TAXISTARENA

Taxistarena Iban Zalduaren ipuin bildumaren ipuinetako bat da. Bertan Alberto izeneko pertsonaia da protagonista, eta bere aitaren lanbidea zenaren eta orain berea denaren istorioa kontatzen da.

Kontakizun horren narratzailea hirugarren pertsonakoa da, baina istorioan pertsonaia gisa parte hartzen ez duena. Kontalari orojakilea da protagonistaren pentsamendu eta sentimendu oro ezagutzen baititu. Narratzailea objektiboa ere bada, hirugarren pertsonan eta istoriotik kanpo dagoenez ikuspuntu objektiboa duela antzeman dezakegu.

Argumentuari bagagozkio, lagungarritzat dugun pasartea baino lehenago eta ondoren gertatutakoari hain zuzen, zera nabarmentzen da: Albertoren aitaren lana taxista izatea zen, eta orduan bere txanda heldu zen aita lanean ordezkatzeko. Hasieran ez zitzaion horren lan txarra iruditu, etxetik hurbil baitzegoen taxia erabiliko zuen gunea. Arazoa taxian igotzen zen jendea zen. Haien usaina hain zuzen ere. Kontua da bezeroak autora igotzean haien usaina nabaritu bezain laster bakoitzaren bizitza igartzeko gaitasuna zuela Albertok, haien iragana ikusteko eta horri esker nor izan ziren eta egun nor diren nabaritzeko. Gaitasun hori ez zen berea jatorriz, taxiarena baizik, aitari gauza bera gertatu zitzaiolako taxista gisa lan egiten ari zela. Aitak bitxikeria hori jakin arren semeari eskainiko zion lanari buruz, ez zuen ezer esan.

Ipuina aurrera joan ahala Albertoren gaitasun berriaren oztopoa antzematen da: Bezero ezezagunen usainak nabaritzean beste zentzumenen indarra galduz joan zen apurka-apurka, eta gehien nabarmentzen dena oroimena da. Hori dela eta emaztearen harridura eragiten du Albertok.

Bukatzeko, emaztearekin zerikusia du istorioari amaiera ematen dion gatazkak: Albertok taxian igotako gizon baten usaina nabarituz gizon hura bere emaztearen maitalea dela konturatzen da.



LORAK ESKEINTZEN-GATIBU


Lorak eskeintzen Gatibu musika talde euskaldunaren abestia da. Kanta hori haien lehen diskoko laugarrena da, Zoramena, 2002an argitaratua.

Hausnarketa:

Abeslariak kanta hau hildako txikitako lagun bati eskaintzen dio. Nire ustez honako hiru kontu hauei erreparatzen die:
-Adiskidetasunari.
-Drogen arriskuei.
-Lagun handi bat galtzeak eragiten duen minari eta horrek bizitza osorako uzten duen hutsune bete ezinari.
Oharra: Drogen kalteak adierazteko abeslariak erabiltzen duen hitza INFERNUA da.

Kantaren letrari bagagozkio, txikitako bi lagunen istorioa dela igarri dezakegu. Bi lagun horiek txiki-txikitatik ezagutu zuten elkar eta ederto pasatzen zuten elkarrekin. Denborak aurrera egin ahala elkarren ondoan jarraitzen zuten, baina zoritxarrez lagun batek drogak ezagutu zituen eta haien menpe bizi izan zen handik aurrera. Menpekotasun horrek heriotza ekarri zion. Bizirik iraun zuen lagunak negu gorriak igaro zituen lagun minaren heriotza zela eta. Adiskidea gogoan izango zuen bizitza osoan zehar, berak badakielako laguna ahaztu eta inork ezin izango duela hutsune hori inoiz bete. Bere buruari hainbat galdera egiten dizkio egoera ulertu ezinean, batez ere hildako lagunak zergatik bota zuen bizitza pikutara jakin nahi du.Beraz, bizirik dagoen adiskidea bertan dago, galdu duen eta hainbeste maite zuen pertsona horri loreak eskaintzen, berataz betiko gogoratzen.


EUSKAL MITOLOGIA


Euskal mitologia Euskal Herriko mitoen multzoa da. Mitoak, orokorrean, gizakiak galdera sakonei eta inguruko gertaera ulertezinei erantzuna emateko bilatzen dituen azalpenak dira, ahoz-aho belaunaldiz-belaunaldi transmititu direnak. Euskal mitologiaren oinarriak, beste herrialde askotan bezala, Honako hauek dira: alegiazko kontakizunak, antzinako jainko edo heroien ekintzak edota egiazko gertaerak. Mitoak kondairaren esanahia edo berezko mezuaren arabera sailka daitezke, batzuen gaia lurraz kanpokoa baita eta beste batzuena, berriz, gai lurtarra.

IZAKI MITOLOGIKOAK

-Mari

Mari euskal mitologiako jainkosa nagusia da, eta nabarmentzeko modukoa dela deritzot pertsonaia garrantzitsuena femeninoa izatea, beste mitología gehienetan jainko nagusia maskulinoa baita. Marik beste hainbat izen hartzen ditu: Anbotoko Mari, Anbotoko Dama, Txindokiko Dama etab. Izen horiek bere bizilekuen izenen eraginak dira, euskal mendi ugaritan baitu bizilekua. Esate baterako: Txindoki, Gorbeia eta Murumendi. Horrez gain, bizilekurik garrantzitsuena Anbotoko leizea du, Mariren Koba izenez ezagutua. Jainkosa hau ama lurraren irudikapena da, izadiaren eta bertako elementu guztien erregina. Gehienetan emakume gorputza eta aurpegia izaten ditu, baina beste zenbait irudi hartzeko gai omen da: zuhaitza, suzko emakumea edo zaldi zuri ederra, adibidez. Dotore jantzita joaten da, gehienetan gorriz. Sugaar du senartzat eta bi seme ditu berarekin: Atarrabi eta Mikelats, ongia eta gaizkiaren irudikapena direnak. Gurtzaileak bere kobetan bizi diren sorginak ditu.

-Sugaar

Mariren senarra da Sugaar, berarekin bi seme dituena. Suge itxura du eta suzko igitaia bailitzan zerua zeharkatzen du. Ekaitz eta trumoiekin harreman estua du. Bere izenak bi esanahi izan litzake: suge + gar (herensugea) edo su + gar. Bien arteko bateratzea ere izan daiteke.

-Mikelats

Mari eta Sugaarren seme gaiztoa da, gaizkiaren irudikapena baita. Ekaitzak eta harriak botatzen ditu artaldeak eta uztak hondatzeko.

-Atarrabi

Mari eta Sugaarren seme ona da, beraz, ongiaren irudikapena da.

-Urtzi

Urtzi zeruan bizi den jainkoa da, eta ekaitzak sortzen ditu. Lurrera bidalitako eraso guztiak bere emozioen arabera gidatzeko gai da. Adibidez, euria bidaltzen du triste dagoenean, lainoak lotsa adierazi nahi du, haserre badako tximistak eta trumoiak bidaltzen ditu, gau ilunak lo dagoela adierazten du...

-Lamia

Erreka zuloetan edo arroketan bizi den izakia da Lamia. Askotan haien ile hori luzea orrazten ibiltzen dira urrezko orraziekin. Leku askotan ahate oinak dituzte, baina Ibaizabal inguruan eta Euskal Herriko kostan arrain buztana omen dute. Oso ederrak dira, eta hori dela eta gizakumeak liluratzen dituzte, baita artzainak maitemindu haien kantu ederrekin.

-Basajaun

Basoan bizi den izakia da. Basandere du emaztetzat, eta hura haitzuloetako sarreretan bizi da. Gizakiari nekazaritza irakatsi ziola diote, berak baino askoz lehenago zekizkielako hainbat gauza nekazaritzari buruz. Bestalde, artzainari artaldea zaintzen dio, otsoak eta beste basapiztiak uxatuz.

IKURRAK

Aipatutako izakiez gain, Euskal Herriko mitologiak baditu hainbat ikur. Ikur bakoitzak bere esanahia du, eta hau da nik aipatuko dudanarena:

-Eguzki-lorea

Lore honen itxurak eguzkia dakarkigu gogora, hori dela eta, eguzkia irudikatzen du. Antzina etxeen eta baserrien ateetan kokatzen zen, izaki eta izpiritu gaiztoak uxatzen zituela sinisten zelako. Sorginkeria, aztikeria eta madarikazioen aurkako babesa ere ematen omen zuen. Gaur egun oraindik baserri giroan ikus dezakegu ateetan. Bere sineskeraren arabera San Juan eguneko goizaldean du indar gehien bere babesak.

-Lauburua




IKASTURTEKO KRONIKA


SARRERA

2016-2017 ikasturtea amaitzear dago. Nire euskara maila lantzeko nahia, berriz, gorenean mantenduko delakoan nago. Kronika honetan helmuga hori lortzeko aurten egin dudan lana aurkeztuko dut.

HISTORIA

Aurten talde berria izan dut, nire lehen urtea izan baita Artaza-Romo institutuan. Gelako ikaskideok Bizkaiko hainbat leku ezberdinetatik gatoz, ikastetxe honetara etortzearen asmoa batxilergo artistikoa egitea izan da-eta guztiontzako. Ni neu Erandiotik nator, eta bizitza osoa daramat Altzaga Ikastolan. Bertan egin nuen Haur eta Lehen Hezkuntza, eta DBH Erandio BHIn egin arren, eraikuntza berean daudenez, ez nuen horren aldaketa handirik igarri. Euskara eta literatura arloari dagokionez hainbat irakasle ezberdin izan ditut. DBHn, esate baterako, hiru irakasle ezberdin: lehenengo eta bigarren mailan bat kurtso bakoitzeko, eta hirugarren eta laugarren mailan irakasle bera kurtso bietarako.

Artaza Romo BHI nahiko ezezaguna da oraindik niretzat. Hori dela eta, ez dit horrenbesteko arreta deitu orokorrean, baina batxilergo artistikoari dagokionez oso gustura sentitu naiz eta ez naiz hartutako erabakiaz batere damutzen. Irakasgai hau, berriz, besteekin konparatuta guztiz ezberdina da: ez dugu libururik erabili ezta gramatikarik, sintaxirik… modu horretan landu. Teknologia erabili dugu gehienbat, pasa den urtean ez bezala. Orduan gure baliabide nagusia liburua izan zen eta gehien landutakoa aditza izan zen. Aurtengo exijentzia maila baxuagoa izan da alde horretatik, baina idazlanekin eta ahozkoekin landutakoak haien zailtasunak eta helburuak ere badituzte.

Kurtso hasierari dagokionez, nahiko urduri etorri nintzen institutu honetara. Dena zen ezezaguna niretzat: zentroa, irakasleak, ikaskideak… denborak aurrera egin ahala, denak ezagutu izan ditut eta oso pozik sentitzen naiz aurten jende ezberdina ezagutzeko aukera izan dudalako.

GELAKO GIROA

Orokorrean oso gustura sentitzen naiz aurten ikasgelan eraikitako giroarekin. Egia da batzuetan eztabaidak edo isilik ez egotearen kexak egon direla, baina ez dut uste hori gauza txarra denik, beti egon beharko da iritzi ezberdinen talkaren bat. Bestalde, elkarrekin oso ondo pasatu eta barreak bota ditugulakoak nago, eta debate interesgarriak sortu dira gelan bakoitzak bere argudioak emanez.

AHOZKOTASUNA

Aurten jendaurreko hiru ahozko aurkezpen prestatu ditut, baina bi baino ez ditut ikaskideen aurrean aurkeztu. Dena den, hirurak nahiko landuak eta gai interesgarriak izan direla uste dut, baina onena aukeratu behar izatekotan, azkena aukeratuko nuke. Hirugarren aurkezpen horretaz harro sentitzen naiz landuena eta mamitsuena dela uste dudalako, eta aurkeztean jarrera egokia izan nuelakoan ere banago.

Ikaskideen ahozko aurkezpenak ere entzun ditut, eta gustura ikusi dut bakoitza haiek aukeratutako gai horiei buruz hitz egiten. Hitzaldi haietan parte hartu nahi izatekotan, nire iritziz, txanda oro errespetatu ditut eta gaiei buruz debateak sortu direnean besteen argudioak ere gustura entzun ditut.

Nire ustez, ikasgelan adi egon naiz eta ez dut ulermen arazorik eduki. Irakasleari beti euskaraz zuzendu natzaio eta ikasgelan, orokorrean, beti euskaraz egiten saiatu naiz.

IRAKURMENA

Kurtso honetan irakasleak bidalitako hiru liburuak irakurri ditut: Fikzioaren izterrak (Ur Apalategi), Ipuinak: Antologia bat (Iban Zaldua) eta Krimenak (Ferdinand Von Schirach). Haiekin nire irakurmena landu dut eta, horrekin batera, euskara maila hobetzeko ariketa egin dudalakoan nago.

Ikaskideen idazlan batzuk ere irakurri ditut, haien adierazteko modua eta gustukoak dituzten gaiak ezagutzeko.

METODOLOGIA

Aurtengo metodologiaren helburua oso ona izan dela uste dut, idaztea eta irakurtzea oso ariketa garrantzitsua baita hizkuntza hobetzeko. Baliteke ikasgelan teknologiari horrenbeste garrantzi eman beharrean gehiago parte hartu behar genukeela, eta horrekin batera gure adierazmen maila gidatzeko laguntza jaso izana ere faltan bota izan dut. Horrek ez du kentzen idazmena lantzea oso garrantzitsua ikusten dudala euskara lantzeko, eta etorkizunean ariketa hori asko eskatuko digutenez, aurten modu egokian nola egin ikasi dugu. Gainera, nire aburuz, testu-liburuek ez didate ezer aportatuko ekarpen handiegirik egin alde horretan.

IDAZMENA

Harpausoak, gure koaderno digitala, idazlanez bete dugu gela ezberdinetako ikasleok eta nireak horietako batzuk dira, testu mota ugari idatzi baititut bertan. Idazlanak kalitate onekoak izatea lortu dudala espero dut, kontuan izan baititut hauen koherentzia, kohesioa, hizkuntza aberatsa, amaiera indartsuak… Idatzi aurretik, beti egin dut ideia nagusien eskematxoa, eta amaitutakoan autozuzenketari ere ez diot uko egin. Ikaskide baten bati pare bat ekarpen egiten lagundu diodala uste dut, eta besteren batek niri egindakoak eskertu ditut. Egindako aldaketa horiek guztien berri izateko nire orrialdeko historialean begiratu dut.

Gizarte sareak maiz erabiltzen ditut euskaraz, batez ere hizkuntza hau erabiltzearen ohitura dudan pertsonekin. Adibidez, Whatsapp-a familiarekin eta lagun batzuekin euskaraz erabiltzen dut beti.

AURTENGO IDAZLANIK ONENA

Nire aurtengo idazlanik onena argudio testu bat izan da: Jeloskortasuna ez da maitasuna izenburua duena. Hura idazlanik onena dela uste dut hurrengo arrazoi hauengatik: argudio-testua denez, ideia eta argudio guztiak neure-neureak dira. Serio hartu dut idazlan hori egiteko lana, beraz, aurretik pare bat zirriborro egin ditut ideia nagusiak kontuan hartuta. Hizkuntza egokia erabiltzen eta ulergarria egiten saiatu naiz, betiere txukuntasun eta dotoretasun hori galdu gabe. Amaitzean, askotan irakurri dut eta edozein akats zuzentzen saiatu naiz koaderno digitalean garbira pasatu aurretik.

JARRERA

Euskara eta literaturako klase guztietara joan naiz eta klasean egin behar nuena baino ez egiteko ahalegina egin dut. Bertan jende guztia errespetatu dut, bai irakaslea, bai ikasleak. Denok giro ona lortu dugu klasean, bakoitzak bere ekarpen txikiekin eta, beraz, nik neureekin ere.

Bakarrizketa eta idazlana oso garrantzitsuak direla ikusi dut aurten, eta hori lantzeko aukera izan dugunean zentratuta eta helburuak argi edukita aritu naiz. Ikasturtean zehar lan onak egin ditudala uste dut, eta niretzat onena zen izan den aurreko puntuan aipatu dut. Ikasturtea gainditutzat eman behar zaidala defendatuko dut, euskara erabiltzeko gaitasuna dudala eta lan bakoitzarekin gehiago ikasteko gogoa erakutsi dudala uste baitut.

EUSKARAREN ERABILERA

Baliteke ikaskideekin noizbait euskara klaseetan gazteleraz mintzatu izana, baina hizkuntza hori haiekin erabiltzeko ohitura besterik ez da. Irakasleari, noski, galdera eta ekarpen bakoitza beti euskaraz egin diot. Ikasgelatik kanpo, ohitura dela eta, familiarekin eta lagun batzuekin euskaraz mintzatzen naiz beti.

AUTOEBALUAZIOA

Kurtso honetan hainbat gauza ikasi eta landu ditut eta lortutako emaitzekin nahiko harro nago. Alde batetik, testuak editatzen eta interneten euskarazko testuak, bideoak, etab. non aurkitu ikasi dut. Bakarrizketak, idazmena, irakurmena, entzumena, ulermena eta parte hartzea izan dira aurten nabarmendu ditudan ikasgaiak arlo honetan.